dia-installer.de / Documentation / Manual

Atala 3. Objektuak

3.1. Objektuen sarrera

Objektuak dira diagrama osatzen dutenak. Aurrez definitutako edo erabiltzaileak definitutako formak dira objektuak.

3.2. Objektuak erabiltzea

3.2.1. Objektuak gehitzea

Dia-ren oihalean objektuak gehitzeko, egin klik tresna-barrako objektu batean, zuk nahi duzun objektua hautatzeko. Oihalean klik egitean objektua bertan kokatuta geratuko da.

Dia-k bi motatako objektuak eskaintzen ditu:

  • Erabiltzaileak definitutako objektuak - Erabiltzaileak sortzen dituen objektuak txantiloi prefabrikatu batean oinarrituta.

    Adibidez, objektu karratu batean klik egin eta oihalean jarrita, karratu bat sortzen da. Nahi izanez gero, objektuaren neurriak alda daitezke. Ikus Objektuen tamaina aldatzeari buruzko atala.

  • Aurrez definitutako objektuak - Editatu ezin diren diseinuak izaten dira. Tamaina alda dakieke, baina objektua bera ezin da editatu.

3.2.2. Objektuak lekuz aldatzea

Objektu bat oihalean txertatzen denean, ertzak markatzen dituzten koadro berde txiki batzuekin agertzen da.

Doitzeko puntuak

Irudia 3.1. Doitzeko puntuak


Koadroen barneko area objektuaren area da. Egin klik objektu-arean, eta ez askatu. Mugitu sagua oihalean zehar, objektua oihalaren beste leku batean jartzeko.

3.2.3. Objektuei tamaina aldatzea

Aurreko paragrafoan azaldu da koadro berdeen kontzeptua. Objektuaren tamaina manipulatzeko erabiltzen dira koadro horiek. Tamaina aldatzeko, egin klik botoi berde batean, eta ez askatu. Arrastatu tamaina egokia emateko, eta askatu.

Izkinetako botoi berdeek altuera eta zabalera batera aldatzen dituzte. Goiko eta beheko ertzetan erdian dauden bi botoiek altuera editatzen dute; ezkerreko eta eskuineko ertzetan erdian daudenek, zabalera.

[Iradokizuna]Iradokizuna

Izkinako botoi bat arrastatzen denean proportzioa mantentzeko, eduki sakatuta maiuskulen tekla arrastatzen den bitartean. Objektu bereziei bakarrik aplikatzen zaie hori, ez forma erregularrei.

3.2.4. Objektuak ezabatzea

Objektu bat ezabatzeko, egin klik objektuan, hautatzeko. Koadro berdeak azalduko dira. Sakatu Ktrl+D eta objektua desagertu egingo da.

3.2.5. Marraren propietateak

Dia-ko objektuetako bat marra da. Hau da marra objektuaren ikonoa:

Marraren ikonoa

Irudia 3.2. Marraren ikonoa


3.2.6. Marra-estiloak

Marrak erraz edita daitezke geziak eta horrelako elementuak sortzeko. Tresna-koadroaren behealdean 3 botoi daude marrekin. Klik egin eta sakatuta edukita, menu bat azalduko da aldaketaren emaitza ikusteko.

Marraren propietateak

Irudia 3.3. Marraren propietateak


Estilo askotako marrak daude:

  • Betea

  • Marratxoduna

  • Marratxoa-Puntua

  • Marratxoa-Puntua-Puntua

  • Puntukatua

3.2.7. Marraren lodiera

Marren lodiera editatzeko, kolore-hautatzailearen eskuineko bost aukeretako batean klik egin daiteke.

3.2.8. Geziak

Geziak sortzeko, marren tresna erabil daiteke. Tresna-koadroaren behealdeko alboko bi botoietan klik eginda, menu bat azalduko da aukeran dauden gezi-hasiera eta -amaierekin.

3.2.9. Marra-koloreak

Marraren kolorea editatzeko, egin klik bikoitza marran oihalean ipini ondoren. Leiho bat azalduko da. Bigarren lerroa "Marra-kolorea" da eta barra bat dauka hautatutako kolorea erakusteko. Barran klik eginda, marraren kolorea alda daiteke.

3.3. Objektuaren propietateak

Objektu bakoitzak bere propietateak ditu. Oihalean dagoen objektu batean klik bikoitza eginda ikus daitezke. Leiho bat azalduko da hainbat eta hainbat propietate editatzeko aukerarekin, besteak beste:

  • Marra-zabalera

  • Marra-kolorea

.

3.4. Koloreak

Objektu guztiei eman dakieke kolorea hainbat modutan, erabiltzaileak definitutako ezarpenaren arabera.

Kolorearen kontrola tresna-koadroaren behealdetik gertu dago. Bi karratuk egiten dute kontrola. Goian ezkerrean dagoena aurreko planoaren kolorea da. Azpian eskuinean dagoena atzeko planoarena. Koloreak editatzeko, egin klik koadroetako batean, eta hautatu kolorea azaltzen den kolore-leihoan.

[Oharra]Oharra

Kontrol honek oraindik oihalean jarri ez diren objektuen kolorea hautatzeko aukera bakarrik ematen du.

[Iradokizuna]Iradokizuna

Koloreak alderantzikatzeko, egin klik bi koadroen goialdean eskuinean dagoen gezi txikian.

[Iradokizuna]Iradokizuna

Berriz ere kolore lehenetsiak ezartzeko, egin klik kolore-hautatzailearen behealdeko ezkerreko koadro zuri-beltzean.

dia-installer.de / Documentation / Manual

Imprint | Privacy Policy